Ertzaintza Logo Euskadi.net

ERTZAINTZAREN EGUNA


Patxi López lehendakaria lehenbiziko Ertzaintzaren Egunaren ospakizunetan izan zen maiatzaren 16an, Erandioko Base Zentralean. Egunero-egunero egiten duen lanagatik eskerrak eman zitzaizkion Ertzaintzari, agente-talde bati meritu handiko jokabideagatik egin zitzaion omenaldiaren bitartez. Hildako agenteen oroitzapena ere egin zen, eta eskerrak eman zitzaizkien erretiroa hartuta daudenei. Lehendakariak, bere hitzaldian, baieztatu zuen "oso aurki ertzainek ez dutela gehiago ezkutatu beharko Euskadin ertzaina izatearen ohorea".

Ertzaintzaren Eguna


Erandioko Basean egin zen lehenbiziko Ertzaintzaren Egunaren ospakizuna: Ertzaintzako agenteei eguneroko lanagatik omenaldia egin eta Ertzaintzako kideen gertukoei eta euskal gizarte osoari poliziaren lanaren xehetasunak erakusteko eguna izan zen.
Erandiora hurbildu zirenek erakustaldi operatiboak ikusi ahal izan zituzten, ertzainak patruilatzen, salbamendu-lanetan eta leherkariak neutralizatzen, bai eta interbentziorako ibilgailuak, polizia zientifikoaren materiala eta abar.

Ezagutza eta esker ona

Ertzaintzaren Eguna

Ertzaintzaren Eguna

Lehendakariak, bere hitzaldian, euskal gizartearen "ezagutza eta esker ona" adierazi zizkion Ertzaintzari, egunero-egunero Euskadiko kaleetan egiten duen lanagatik. "Herrialde hau seguruagoa, irekiagoa eta fidakorragoa izan dadin eta askatasun handiagoarekin bizi dadin egunero-egunero egiten duzuen ahaleginaren balioa erakusteko eguna da hau", nabarmendu zuen. Lehendakariak, agenteen eta haien ahaideen eta adiskideen aurrean, uste sendoa adierazi zuen: "horrenbeste min eragin dizuen" basakeria terrorista "amaituko den egunerako gutxi geratzen da". "Laster iritsiko da eguna Euskadin ertzaina izatearen ohorea ezkutatu beharko ez duzuena", nabarmendu zuen.

Lore-eskaintza

Ertzaintzaren Eguna

Lehendakariak ertzainei zuzendutako hitzaldiarekin batera, merezimendu bereziko ekintzetan parte hartu izanagatik agente mordoxka bati zorionak emateko ekitaldi bat ere izan zen ospakizunaren gune nagusian. Zerbitzu-ekintzan hildako bi agenteren ahaideei dominak eman zitzaizkien eta oroimen-plakak, azken bi urteetako erretiratuei. Era berean, lurrikarak Haiti suntsituta utzi eta gero, bertara salbamendu-lanetan laguntzera joan ziren boluntarioen aipamen berezia egin zen. Lehendakariak eskerrak eman zizkien agenteei, atzerrian "elkartasunak" duen balioa nabarmenduz. Ospakizuna amaitu zen zerbitzu-ekintzan hildakoen oroitzapenetan egindako lore-eskaintza batekin.

Ertzainak eta gertukoak ez ezik, Gobernuko kideak, alderdi politikoen ordezkariak, Legebiltzarreko Mahaiko kideen ordezkariak, epaileenak eta gizartearenak ere izan ziren ekitaldian. Estatuko Segurtasun Indarretako agintariak, EAEko udaletako udaltzainenak, Mossos d’Esquadrarenak eta Nafarroako Foru Poliziarenak ere izan ziren, bai eta Ertzaintzaren Unitate guztietako dibisio-buruenak ere.

Ertzaintzaren Eguna

Ertzaintzaren Eguna

Ertzaintzaren Eguna

Mention légale

  • © 2008 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco